XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tamagotchiren mezua

EGUN hauetan bati baino gehiagori ikusi diot Tamagotchi deitzen den jostailu hori. Oso txikia da.

Zakur tankera duen abere bat agertzen da, eta jostailuaren jabeak, abereak eskatu ahala erantzun behar du: jana emanez, garbituz, lotara eramanez...

Eta zorioneko abereak eskatzen duena egiten ez bazaio, hil egiten da (nahi den hainbestetan berpizteko noski, jostailua da eta).

Modan dago, agi danean.

Haur askotxo ikusten da, Olentzeroren eraginez edo, jostailu txiki horri begira eta abere zelebre horren arduraz.

Eta abere honenak egiten ari den bitartean, alferrik esango diozu ezer jabe kezkatuari.

Gaurko haur askoren argazki horrek, kezka bat baino gehiago sortzen dit.

Eta lehenengoa da.

Eguberri jaietako jarduera komertzialarena da.

Eguberriko mezua erabat itoa geratzen da hainbeste erosi beharren eraginez.

Gaurko Ebanjelioak esaten duenean, Argiak argi egin zuela ilunpetan, baina ilunpeek ez zutela ohartu, ez da ulertzen oso zaila.

Kontsumismoa da egun hauetako ilunpe ikaragarria.

Eta kontsumismoa bera bihurtu da mezu.

Publizitatearen eraso indartsuak bestelako mezuren baten gosea erabat kentzen du.

Eta asko erostea da kontua.

Eguberriko beste mezuek ez dute semaikorik balio.

Bigarren kezka, haurrekin egiten duguna da.

Mezu komertzialaren tresna beharrezko egin ditugu haurrak.

Haurrei ere ez diegu errespetatu, amets haundiagoen lilura.

Egun asko ez da pasa oraindik, jaiotza baten aurrean haur txiki bat zorabiaturik ikusi nuenetik.

Zein erraza den haurrei Belengo gertakaria adieraztea.

Haurrek samur ulertzen baitute maitasuna.

Baina ez! Haurren ametsak jostailuetara tolestatu ditugu.

Norberak garrantzizko ikusten ez dituenak adierazten ibiltzea baino askoz errazagoa da jostailu bat eskuetan ipintzea.

Eta haurrak ere kontsumismo-katearen maila bihurtu ditugu.

Eta, zoritxarrez, haurren egun hauetako pozak eta penak, erostearen edo ez erostearen gora beheran dabiltza.

Eta, haurrei dagokienez, hirugarren kezka bat ere badut, zorioneko Tamagotchi horren haritik.

Haur bat jolasean bakarrik ikusten dudanean, nik neuk pena hartzen dut.

Baziren eta badira jostailuak taldean jokatzekoak.

Baina gero eta gehiago ikusten dira bakarkakoak.

Jostailuak gero eta gutxiago hezitzen du sozializaziorako.

Bakarkeria egiten du.

Eta sala edo plaza batean lau-bost bat haur bakoitza bere jostailuarekin ikustea, ikaratzekoa da, nire ustez.

Bakoitza bere aberetxoaz kezkatua, bakoitza ez dakit zer zenbakitara iritsi nahirik.

Askoz hezitzaileagoa ikusten dut nik, haurrak elkarrekin barrez edo eztabaidan edo laguntzen edo ikustea.

Beharbada bateren batek oso txikitzat hartuko ditu nire kezka hauek.

Baina Eguberriren irakaspena bestelakoa da, inondik inora.

Aurrena, Eguberrik ez du inolako mezu komertzialik.

Eguberrik bere neurriak ditu, egiazko pozak dituen bezalaxe.

Neurriak ematen ez duen poza ez du neurrigabeak ere ematen.

Eguberrik badaki zenbat diren beharrean daudenak.

Eguberrik badaki zenbat haur dagoen, jostailurik gabe ezezik jatekorik gabe hiltzen.

Eguberrik badaki egiazko barnetasuna ez dela sal-erosketan garatzen, maitasunean baizik.

Eguberri maitasuna da.

Eguberrirena ez da mezu komertziala. Poza ezin daiteke erosi.

Eta gainera, Eguberri Tamagotchiren kontrakoa da.

Eguberrik senidetasuna eta elkarbanatzea bultzatzen ditu.

Eguberrik besteengana irekitzen gaitu.

Eguberrik zabaltasuna eta elkartasuna esan nahi du.

Eguberrik, bakarkeriaren ordez pobreenganako kezka arretatsua sortzen du.

Hari honetatik, ederra da haurrak jolasten ikustea, baina denak taldean, denak batean: orain nire jostailu berriarekin, gero zurearekin, baina beti elkarrekin.

Horrela haurrek ikas dezakete zer den elkartasuna, zer den maitasuna, zer den besteei begira bizitzea.

Eguberriri bere mezu maitasunezkoa kentzen badiogu, Eguberri itzaliko dugu.

Eta zer geldituko zaigu? Tamagotchiren mezua! Bakarkeria negargarria.